XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badakizuna zer? Alderdikerietarik, taldekerietarik urrutiratzea.

Alderdikeria eta talde-keria (erligiokeriaz nahaztuz) izan bait dira, eta oraindikan ere dira, gutartean, euskarari buruz, egia-eztiaren garraztu eta mingortzeko edenik galgarriena eta gaiztoena.

Eta nik ez dut alderdirik, talderik, ez ta ere adiskiderik, Euskadiko, Euskal Herriko kenka larri huntan eta hain garrantzidun kurutze bidean, euskarari buruz darabiltzaten gataska ta eztabaidetan.

Euskara BATUAri buruz, alde edo aurka izan diren eta oraindikan diren eztabaidak, alderdikeriz, taldekeriz garraztuak izan direla, nik uste, eta saldu nahi diguten ogia ez dela irin utsazkoa, baizik alderantziz, patata eta bertze bihi txar batzuekaz nahasia.

Eta alde batetik bakarrikan, ez!.

Ezkerretik nahiz eskumatik saldu nahi digute ogi aizuna, sarri askotan.

Baiña, eleketarik aski da, oraikoz bederen, gai hortaz, eta noian noakenera, ots: zergaitik eta zertarako behar dugun euskara BATU?.

Hara! Kontatuko dizuet nere adiskide batek (euskaltzale sutsua bera) kontatu zidana: ba dakikezute berrogoi urteko ilunpe hunen aurretikan (lehenagokoak ere ez ziren argiak, gero!), han eta hemen, hirietan eta herrixketan ere bai izaten ziren hitzaldiak eta mintzaldiak, politik alderdi bakoitzak eratuak, bat bederak uraren berebideratzekoz edo katua bere sakura sartzekoz.

Eta, erran beharrik ez, gure abertzale kartsuek ere egin zutela bere meting bat, nere aipatu adiskidearen herrian.

Mintzo eta mintzo ari zelarik, metinglariak hauxen oihukatu omen zuen: baserritarrok! egin beti euskeraz, beti euskeraz!, euskera galtzen bada ze Euskalerria galduta dago-ta!.

Ez ahalge zen edo lotsagabe baserritar batek erantzun omen zion: Bai, horixe gura dozue zuok, Bilbotarrok, guk baserritarrok euskera bakarrik ein daigula, beti leloak izan gaitezen, eta horrela zuok gu obeto manejau!.

Eta bertze astako hurak erran zuena: bascuentze pa qué queremos pues no sirve pa nada i.

Arrazoi haundia zedukaten, alde batetik begiratuz bederen, bi biek, zeren eta lanabes edo bertze zerbaitek, baliorik ez baldin badu zerbaiten lortzeko, sabaira jaurtitzen ohi dugu, norbaitzuek nahi luketen bezalaxen, ots, museum baten kokatu.

Euskarak, gaur egungo egoeran, bizibiderako baliorik baldin ez badu, zergaitik eta zertarako horrenbeste eztabaida, gataska, asarre ta gorroto?.

Zergatik uste duzu bada baserritarrek (eta gehienbat oraino hiritar basajabeek) bota dituztela pago ta gaztaña ondoak eta bere ordez lerra edo pinuak landatu?.